EGUZKI-PLAKAK JARRI DITUGU INSTITUTUAN

Institutuko frontoiaren teilatuan, Laudio Behekoan, eguzki-plakak jarri berri ditugu eta dagoeneko martxan daude. 

Instalakuntza bi arrazoi nagusirengatik egin dugu. Lehenik eta behin, ingurumen-larrialdia dela eta iturri berriztagarrietarako trantsizio energetikoa egin beharra, ekonomia ahalik eta azkarren deskarbonizatzeko. Bigarrenik, energia-kostuak biderkatu diren une honetan, ikastetxeko argindarraren gastua gutxitzeko asmoarekin.

72 panel jarri ditugu eta horiekin batez beste 41kWp ekoiztea lortuko da.  Esku-hartzeari aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Europar Batasunetik jasotako dirulaguntza emango dio ikastetxeari; 31.050 euro, hain zuzen ere. Inbertsioaren kostua, BEZa barne, 44.082,72 eurokoa izan da. Hasierako inbertsioa bi urtean amortizatzea aurreikusten da. 

Modu honetan, eguzki-energia ez-kutsatzaile eta garbia, elektrizitate bihurtzen dugu, garapen jasangarriko 2030 agendaren helburuetariko bati gure aletxoa ekarriz eta ekonomia zirkularra bultzatuz.